Komunikatua hainbat sektoretatik, komunitatea zaintzeko deia eginez eta elkartasunaren kriminalizazioaz ohartaraziz

Gizarte osoko 55 eragilek, kultura, zuzenbide, komunikabide, unibertsitate, giza eskubideen defentsan  edota gizarte-mugimenduetan ari direnek adierazpen bateratua plazaratu dute, abagune honetan komunitatea bera zaindu eta bereziki zaurgarritasun handien duten herritarrak babes ditzagun dei eginez. Aintzat har dezagun sare herritarrak, osasun eta gizarte zerbitzuak zein elkartasun erakundeak egunotan egiten ari diren lana.

Era berean ohartarazi dute poliziaren jokaera batzuetan eman den gehiegikeriaz, eta jazarri egin dela elkartasuna eta giza-eskubideak defendatzea. Hargatik, dei egiten diote gizarte osoari, bere instituzio eta erakunde sozial eta sindikalei, komunitatearen zaintza babes dezaten, hala nola krisi honen aurrean elkartasuna indartu, eta herritarrak, baina bereziki egoera hau larriago pairatzen ari direnak, tratu txarrak jasatetik  babes ditzatela edozein delarik.